2013/12/28

EURIA FALTAN



Euria egun guztian ariko duela esan dute irratian. Prest egoteko, neguko eguraldia datorrela. Haizea, hotza, baina batez ere euria gogoz egingo duela. Telebistatik ere alerta piztu digute eta kalean ez da besterik entzuten. Naranja koloreko alertan omen gaude.
Baina ateri dago.
Eta nik euria faltan botatzen dut.


2013/12/23

ERDIBITUTA



Harresi batek banatzen nau, nire ekialdea eta mendebaldea bereizten ditu, 90. hamarkada aurreko Berlin banintz bezala. Goizetan mendebaldeko aldea gailentzen da, eta cocacola edaten dut. Bazkal ondoren berriz,ekialdeko aldeak menperatzen nau, eta matrioskekin jolasten dut.
Baina eguerdiren batean nire harresia erortzen bada, nire mendebaldeak ekialdea irentsiko al du?


2013/12/05

ZURE OPARIAK





Gordetzeko eskatu zenidanez, eman zenidan zure arnasaren airea barruan gordeta izan nuen, oxigenoa zela pentsatuz, zerbait bizirik mantentzen ari zela sinistuz.
Baina soltatu beharra izan nuen, eta anhidrido karbonikoa besterik ez zela ikusi nuen, eta ni kutsatzen aritu zela ohartu nintzen, denbora guzti hartan.
Ez ditut gustoko zure opariak.


2013/11/19

GELDI




Trenak etengabe ari dira ateratzen,
zu bitartean geldi, trenbideari so.
Geltokiak geldi egoteko eginak bailitzan.
Badakizu tren horiek ez direla zuretzat,
eztakizu zuretzat trenik baden

BASATI


BASAmortuaren erdian nengoela ezagutu zintudan 
eta BASAbizi arazi ninduzun