2015/11/25

93



Armak, sokak, piramideak,
aldapak, harriak, kateak,
tronuak, makilak, albisteak,
oroitzapenak soilik izango al dira inoiz?

2015/10/21

IPARRALDETIK


Sarreran ahaztutako aterkia ikustean
errotik atera zitzaizkidan arratsalde hartako irribarre guztiak.

Iparraldetik etorri zinen
eta nik hatzaparrekin kristala kolpatzen jarraitzen dut


2015/09/12

ZUHURRA DEN DISTANTZIA


Zure besoak begiratzen ditut
begiak itxi aurretik

eta bitartean aberri bat zutenak zirrikitu bila
airezko harresi zurrunetan
aberri berrien bila

zuhurra den distantzia batetik begiratzen diet
eta ilea kizkurragoa izatea nahiko nuke
halakotan

2015/07/29

NAHASTEN



Ispilu aurrean lausotua nago
eta armairuan behin eta berriz
galtzen naiz

Atrezzoa zer den
eta zer ez den nahasten zaidanean
behin eta berriz
galtzen naiz

2015/06/28

JE NE SUIS PAS

Terrorismoa zer ote den
galdetu Ciudad Juarezen edo
zure bizilagunari

Je suis Nagore diote batzuk
eta orduan
nor naizen ere ez dakit
banituen mugak zirriborratzen zaizkit
izu gehiago sentitu daiteke?

Arkatzak, kristalak eta telebistako albiste gehiago

2015/04/30

ZENBAT SEGUNDU



Haizea bezalako zerbait nabari da hemendik
begiak itxita haizea bera dela esango nuke
baina urrunegi gaude eta,
horrek zenbatzera narama
zenbat segunduk banatzen gaitu?
makurturiko zenbat lepok?
zenbat eskumutur bizkerrean lotuta?

Nire eskuetako hatzamarrak gutxiegi dira
laztantzen gaituen haizeak giltzapetu nauela ohartzen naiz

Baina orduan ametsetan egiten didazu bisita
gutxiegi espero dudanean,
maitasuna hori bera omen da
ezer esateko ez bada ere gertu gaudela sentitzea

Itxaroten izango gaituzu
mendi tontor, zulo ilun eta itsaso zabal guztietan
eskuburdinak erraietako beroarekin urtuko ditugu
besoak haizerakin nahastuz

Eta inoiz joan ez bazina bezala izango da
Ederrago agian




2015/04/13

DESIRA EZINA


Barruko arroparen tiradera irekitzerakoan
harez beteta zegoela ikusi nuen
iraileko hondartzak bezela, epel
milaka harezko erlojuren isuriak
ezer ez aurkitzera kondenatu ninduten

eta biluzik ibiltzea erabaki nuen
biluzik eta esku hutsik
krimena egina zegoen jadanik
desiratu ezin desiratu nuen

emakume lizunen bekatuak




2015/03/18

HERRIMINA



Krisalida utzi behar izan nuen
zapore gabeko sagarrak irensteaz aspertuta
Eva-ren ondorengoen mirabe indargeak
fruta debekatuaren herrimina

krisalida utzi nuen
hark ni ito baino lehenago

2015/02/18

BESTE BEHIN

Piztia piztu da
beste behin
pizti naiz, piztu naiz
nire oinotsen bolumena igoko dut
banatorrela ongi entzun dezazun
euriz eta beste zerbaitez
aurpegia bustitzen zaidan bitartean
basati sentitzen naiz
moztu berri dudan ilearen puntetaraino
pizti naiz, piztu naiz
beste behin

haizeak orain ekartzen ditu
noizbait eraman zituen hitzak
entzun ondo nire oinotsek diotena
ez nator gelditzeko
 


2015/01/19

GELDTIZEN DENA


Jadanik zaila egiten zait
atrezzoa dena
(eta ez dena) desberdintzea
eszenatokian jartzen dudana
eta benetan naizena
ez dakit aktore ona izatea den
agian ikusle txarra edo galdutako zuzendaria
biluztu ondoren zer den gelditzen dena