2014/01/30

DEBEKATURIKO LEKUAN




Muga gaindiezinak zelatan
erlojua gure gainean
munduaren lurmuturrean
zoriontasun iheskorraren morroi

Elkarri neurriak hartzen
nondik abiatzen gara?
noraino iritsi gaitezke?
galderak etengabe buruan

Bizitza bat dugula ahaztuta
une hura ez zela pasako sentitu genuen
baina ordua iritsi zen
eta bizitzera itzuli behar izan genuen

Debekaturiko lekuan omen geuden

2014/01/20

SETIATU EGINGO HAUT



Hire enborraren barruan sartzea nahi niken,
setiatu egingo haut, une aproposenaren zain
azal zimur eta gogor hori zeharkatzeko
hire noranzko guztietan leun hedatu beharra sentitzen dinat
hire izerdia barrutik dastatu, hire koloreak nire azalean begiratu
zulatu ezin daitekeena zulatuz

sustraien erakarpen indarra somatzen dinat aspalditik
etengabe deika, gerturatzeko eskatuz, barrura sartzeko
eta laztan luze bat bezala, hostoetaraino iritsi
haizeak nola mugitzen hauen nabaritzeko
hire izate osoan barrendu, nire jaiotza berri bat balitz bezala
zulatu ezin daitekeena zulatuz


2014/01/09

AKORDE HAIEK



Nire filmaren leitmotiva balitz bezala, akorde haiek behin eta berriz buruan ditut. Ez dago abestirik borratuko dituenik.
Nire garuna konkistatu dute.
Nire gogoa konkistatu duzu.

2014/01/04

BAPATEKO ARTELANA

.


Izoztuta dauzkadan esan beharreko hitzak
egunen batetan artelan bilakatu daitezke
artistaren bat leku egokian egon ezkero.
Berarena meritua.
Nirea isilunea.
Edertasun konpartitua.