2014/12/20

TAKOIAK


Zapatilak jantzita nituelakoan
bapatean ohartu naiz takoidun zapatak zirela
hamar zentimetrotik gorako takoidun zapata gorriak
puntan dirdira egiten zutenak
nire oinentzat txikiegiak zirenak

harrituta ikusi dut takoidun zapatekin eroso nintzela
asfaltotik korrika ere egin nezakeela
adokin zaharretako kaleetatik barrena
mendiko bidetxidorretatik erraz

oinusten saiatu naiz 
baina takoidun zapatekin erosoago nintzen
eta haiekin gelditzea erabaki dut

erabaki errazegia dela esango luke batek
froga egin dezala
takoidun zapata gorriak jantzi ditzala
erantzunaren zain geldituko naiz
nire takoidun zapata gorrien gainean

takoidun zapatetan erorsoegi sentitu dut nire burua
nire mundua
eta bertigo eskergak harrapatu nau

2014/10/11

GALDERAK



Harriei galdetu beharko diet
nola gordetzen duten eguzkiaren beroa
nik ere zurea luzaroan gorde dezadan

Hezurrak epeldu dizkidan bero galkorrak
begiradarekin bakarrik utzi nau
leihoa ireki bezain laster

Begiradan beroa gorde daitekeela esan dit
baina joan bezain laster
izoztu zaizkit malkoak

2014/09/22




NI BEZALA




Festa baten biharamunean bezala
zoriontasun galkorraren aztarnak nonnahi
garbitzen hasteko indarrik gabe
orduan esandakoak eta laztandutakoak
ni bezala
pareta hauen artean harrapatuta gelditu dira

2014/07/28

DESERRIRANTZ


Hiriko etxe altueneko teilatuan nago eserita, hankak amildegian zintzilik dauzkadala. Zuk eraiki duzun hiria da, harriz harri.
Etxe eta teilatu hau ere zure lanak dira.
Bertan seguru izan nahi ninduzun, kaleak nire egin, semaforoekin nire bidea eten eta jarraituz. Ni bertan mozkortuz, benetako egunsentiak ezkutatuz.
Orain ezin duzu jasan nik hiria suntsitu izana. Eta hemendik hondamendiaren erdian ikusten zaitut, oihuka, jolasa amaitu dela sinistu ezinik.
Haizeak aurpegian astintzen nauen bitartean deserriratzeko plana irudikatzen hasten naiz.

2014/07/03

AHIZPARENTZAT POESIA




Lili bat hartu eta
gainontzeko opariak soberan egon ziren
hostoz-hosto erantzi ginen
eta haiekin bildu genuen zure gorputza
altxorrik preziatuena bezala
zu berriz loratu zinen arte
eta harek zu ere amets
eta harek zu ere erantzi
amaren erraien deia ozenegia izan zen
sehaska-kanta gozoena
eta ez zinen gehiago urrundu


ametsik gaiztoena maitasun istorio bilakatu zenuen hartan

2014/05/30

HARRAPAEZIN


sarri sentitzen gara mamu artean
dantzan
oreka gabe
nora jo ez dakigula
gurea ez den atea joz gero
bertan abailduko garelakoan

baina hala ere indartsu
gurea propio den bidea egin nahian
inoren ezarpenik gabe
inoren menpe egon gabe
besteen hatzaparretatik ihesi
harrapaezin
eta indartsu

2014/05/02

ETSAIA



olatuek eraman zuten han utzitakoa
gehiegizko pisua zen niretzat
itsasoa ez da inoiz hain itsaso izan
ta denbora inoiz ez horren etsai

2014/03/28

ZURE TXOKO ILUNA



Zure txoko iluna aurkitzean, funanbulista batek azken pausoa ematen duenean sentitzen duena sentitu nuen.
Heltzeaz pozik, baina hariaren desorekak tentatuta.
Zalantza egin nuen.
ezaguna nuen argitara itzuli
edo haitzuloaren iluntasunean goxo-goxo galdu?
erantzunik ez nizun eman
baina hemen naukazu, gaur ere.

2014/03/04

Martxoaren 8



mundua krimenaren agertoki bilakatuta
etsaiak babesten gaituela sinestarazi nahi digute
ez dugu gehiago irentsiko
ez dugu horretarako goserik
gure gosea eta egarria bestelakoa da
eta ez gara berehalakoan aseko

sufragistetatik transfeminismora
paleolitikoko ama-gizartea ahaztu gabe
gure buruak armatuz goaz
testosteronak bultzatutako gerrak ahaztuta
gure armak bestelakoak dira
Pankhurst, Storni, Buttler, Rodrigañez
eta beste hainbat itzalpetik
haiekin armak hartu ditugu

badatozenak besoak eta hankak zabalik jasoko ditugu
gure barnean sakon sartzeko
larrua jo beharrean laztanduz
pultsioak sentituz
barruan ditugu
animali garela gogoratu

beste mundu hobeago bat posible da
eta mundu honen sabelean sortzen ari da
taupadak entzun ditzakezu
adi egon ezkero
benetako iraultza bakarra
more koloreko iraultza


2014/02/25

LATERALITATEA



 Nire ezker hemisferoari hainbeste kasu egiteaz aspertu naiz.
 Hemendik aurrera eskuinekoa izango da nire alde kuttuna.
 Politikoki zuzenagoa ez izatearen arriskua ere badagoela onartuta.

2014/02/10

LEHIA



Lehia, eromena, norgehiagoka, garaipena, menperatzea. 
Une bakoitzak ematen digun edertasunaz ohartu gabe, lehenengoak iritsi nahi dugu. 
Bizkor, presaka. 
Hain bizkor iristerakoan lurraren aurka topa egin eta txikituta eta sakabanatuta geratzeko posibilitatea dugula ahaztuta. 
Orain ederrak eta osoak gara, baina ez du garratzirik, besteak baino lehenago iritsi banaiteke.
 Isladatu dezakegun argia antzua da. 
Ase-ezinezko zurrunbiloan murgilduta.

2014/01/30

DEBEKATURIKO LEKUAN




Muga gaindiezinak zelatan
erlojua gure gainean
munduaren lurmuturrean
zoriontasun iheskorraren morroi

Elkarri neurriak hartzen
nondik abiatzen gara?
noraino iritsi gaitezke?
galderak etengabe buruan

Bizitza bat dugula ahaztuta
une hura ez zela pasako sentitu genuen
baina ordua iritsi zen
eta bizitzera itzuli behar izan genuen

Debekaturiko lekuan omen geuden

2014/01/20

SETIATU EGINGO HAUT



Hire enborraren barruan sartzea nahi niken,
setiatu egingo haut, une aproposenaren zain
azal zimur eta gogor hori zeharkatzeko
hire noranzko guztietan leun hedatu beharra sentitzen dinat
hire izerdia barrutik dastatu, hire koloreak nire azalean begiratu
zulatu ezin daitekeena zulatuz

sustraien erakarpen indarra somatzen dinat aspalditik
etengabe deika, gerturatzeko eskatuz, barrura sartzeko
eta laztan luze bat bezala, hostoetaraino iritsi
haizeak nola mugitzen hauen nabaritzeko
hire izate osoan barrendu, nire jaiotza berri bat balitz bezala
zulatu ezin daitekeena zulatuz


2014/01/09

AKORDE HAIEK



Nire filmaren leitmotiva balitz bezala, akorde haiek behin eta berriz buruan ditut. Ez dago abestirik borratuko dituenik.
Nire garuna konkistatu dute.
Nire gogoa konkistatu duzu.

2014/01/04

BAPATEKO ARTELANA

.


Izoztuta dauzkadan esan beharreko hitzak
egunen batetan artelan bilakatu daitezke
artistaren bat leku egokian egon ezkero.
Berarena meritua.
Nirea isilunea.
Edertasun konpartitua.